Labrit Multimediak eta Euskokultur Fundazioak gurekin harremanetan jarri eta haien proiektu baten kolaboratzaileak izateko aukera eman zigun pasa den udaberrian. Nafarroa osoko ondare ez-materiala bildu eta aztertu ondoren, haur hizkera, haurrendako formulak eta haurrendako kantak jasoko dituen liburu bat, DVD bat eta musika CD bat ekoiztu nahi zutela esan ziguten. Horretarako, Nafarroako eskualde ezberdinetako haurrak bilatzen ari ziren. Guk bi kanta grabatzeko aukera ilusio handiz hartu genuen, eta pasa den ekainan hasi eta iraila honetan bukatu genuen grabazioa. Bertan, Ribaforada, Atarrabia, Larraun, Baztan eta Bortzirietako ikastetxeekin batera grabatzen aritu ginen eta oso esperientzi aberatsa izan da.
Gure eskolako 4.mailako ikasleak izan dira grabatzen egon direnak. Bai estudioan baita kalean grabatutako eszena eta koreografietan ere asko disfrutatu dute, abeslari “profesionalak” bezala. Gainera Porrotx pailazoarekin lan egiteko aukera ongi probestu dute gure gazteek, Porrotx benetan jatorra!
Orain irrikitan gaude estudioko lanak noiz bukatuko diren eta pantailaren aurrean noiz ikusi eta entzun ahalko dugun.